
BOSek nazionalismo musikaletako zenbait maisu-lan interpretatuko ditu
gehiago ikusi +
Akabo dibertsioa. Gure atseden-eguna oso-oso laburra izan da. Beraz, lanera berriro. Gainera, gure bira osoko kontzertu garrantzitsuena izango da. Tokio Opera Cityko kontzertu-aretoa. Oso eraikin liluragarria da, benetan.

Dena dela, kontzertu-aretoan sartzean sentitzen ditugun miresmenak eta harridurak ez dute parekorik. Harrigarria da benetan, ezin ederragoa eta ikusgarria delako. Guztiok harri eta zur geratzen gara erabat, eta, heldu bezain laster, aretoa miretsi eta argazkiak ateratzen dizkiogu. Era berean, geure argazkiak ere egiten ditugu.

Sarrera guztiak salduta daude, eta guztiok presiopean gaude, Japoniara egindako bisitaldiko une garrantzitsuena da-eta. Soinu-proban, oso kontzentratuta gaude, eta ahalik eta ondoen egokitzen dugu guztia. Juanjo MENAk eta Kiyoshi Somurak bete-betean lan egiten dute, orkestraren eta gitarra-jolearen zein orkestraren balantze onena lortzeko. Egia esan, den-dena oso ondo doa, eta kontzertu handia izango delakoan gaude.

Dena dago prest, eta ateak irekitzeko ordua da. Aretoa jendez gainezka egongo da. Halako batean, ezusteko galanta. Ezustekoz betetako bidaia da, bai, baina gehienak onak dira. Dena dela, oraingoan ez litzateke egokia izango “ona” terminoa erabiltzea. Izan ere, askoz egokiagoa izango litzateke “bikaina” edo “zoragarria” terminoak erabiltzea. BOSeko emakume abonatu bat Tokion dago eta kontzertura etorriko da. Argazki oroigarria: gure abonatu alaia eta gure zuzendari nagusia.

Horrela, ezusteko atsegin horrekin eman genion hasiera benetako arrakasta lortu zuen kontzertuari. Kiyoshi Somura gitarra-jole aparta da, Bilboko ekitaldian erakutsi zuen bezala, baina horrez gain, ikaragarri maite dute Japonian eta oinarrizko erreferentetzat hartzen dute gitarra klasikoaren arloan. Hori guztiori izugarri igarri zen kontzertu guztietan eta, batez ere, honako honetan. Ikus-entzuleak pozez zoratzen zeuden, eta egitarauaz gozatu zuten. Hain zuzen ere, ikus-entzuleek gozatzeko atondutako egitaraua zen.
Areto honetan, gainera, keinu berezia egon zen, Japoniako musikagile bikain baten omenezko aretoa da-eta. Izan ere, bere herrialdeko historiako musikagile nabariena dela esan daiteke: Toru Takemitsu. Hori dela-eta, bere omenez, musikagilearen lan bat jo genuen lehenbizi: To the edge of dream.
.
