castellano | hasiera

Programa BOSek nazionalismo musikaletako zenbait maisu-lan interpretatuko ditu
gehiago ikusi +

2009ko uztailaren 8a

Atsedenaldia!!!!

Gaur, birako egunbeteko atsedenaldia dugu. Bueno, Fukuoka eta Tokio arteko hegaldia egin behar izan dugu, eta Tokioko hotelera 14:00ak aldera iritsi gara. Horren harira, esan al dizuet inoiz Japoniako aireportuetako segurtasun neurriek zeinen gutxi nekarazten zaituzten? Ez dut esaten zehatzak ez direnik, baizik eta ez zaituztela gogaitzen. A, bai? Esan dizuedala lehenago? Bueno, barkatu ba behin eta berriz errepikatzea, baina benetan deigarria da.

Eta bada harritu gaituen beste gauza bat ere: Orain arte egin ditugun hegaldi laburrak, ozeanoan zeharreko bidaiak egiteko erabiltzen diren hegazkin berdinetan egin ditugu. Eta bidaiariz lepo doaz. Eta gehienetan Boeing 747 “txikitxoak” dira. Halakoxea da guztia etengabe harritzen gaituen herrialde honetan.

Etxean bezala sentitzen gara Grand Prince Hotel New Takanawa-ra bueltan. Bertan ostatu hartu genuen duela bi urte Tokiora egindako lehenengo bisitan, eta beraz badakigu bertatik hiriko leku interesgarrienetara joaten.

Uztailaren 9ko 15:45era arte ez dugu konpromisorik. Hirian ostera bat egin eta atseden hartzeko aprobetxatuko dugu aukera. Metroan eroso ibiliko gara batera eta bestera .

Guk erabiltzen dugun orduetan ez doa beteegi. Herrialde bitxia da oso (Esana nizuen jada?). Garraio publikoan zoazela telefonoz hitz egitea gaizki ikusia dago, baina ez ordea sakelakoarekin jolasten ibiltzea edota Interneten nabigatzea. Eta halaxe doaz gehienak.

Guk bisitaldi trinkoa egiteko baliatuko ditugu ordu hauek. Atseden hartu eta oso tenplu ospetsu bat ikustera joango gara, Sensoji Tenplua (Tokioko zaharrena eta bisitatuena omen da). Eta Tokioko Dorrera ere joango gara, eta japoniar langileak sarri joaten diren jatetxe batera, eta... Arratsalde ondo aprobetxatua, inondik ere.

Atentzioa ematen dit hiriaren jardunak ez duela etenik eguneko hogeita lau orduan. Tenplura bidean, garagardo lantegi baten ondotik pasatu gara. Ubide baten parean dago, portuaren inguruko eremuetan hain ugariak diren kanal eta ubide horietako baten ondoan. Eraikin bitxia da, garagardoaren aparra irudikatu nahi duen “gandor” moduko bat du eta.

Tenplua, txundigarria da. Ixtear zeudenean iritsi ginen eta behar bezala bisitatzeko astirik ez genuen izan, baina eraikinak soilik ikustearren ere merezi izan zuena.

Buelta azkar bat egin eta Tokioko Dorrerantz abiatu ginen arrapaladan. Ikusteko gogoz geratu ginen aurrekoan, baina oraingo honetan ez zigun ez ihes egingo. Gainera, goraino igotzeko prest gindoazen, hiriaren teilaturaino. Nik bertigoa daukat, eta egia esateko, lehenengo plataformara igotzeak nahiko inpresio handia ematen du. Baina igogailu panoramikoan tokirik garaienera igotzea, hura ikaragarria da. Eskerrak mugimendu sismikorik ez zen gertatu. Gauza handia izan zen, hala ere. Ikusgarria. Bistak harrigarriak ziren. Eta azkenerako, gainera, espedizioko kide mordoxka bat bildu ginen han goian, azken solairuan. Benetan dibertigarria izan zen.

Gero, afaltzera. Erretiratu baino lehen, bulegariz beteta zegoen jatetxe txiki batera sartu ginen (jan soilik ez, edan ere egiten zuten bulegari haiek, baten bat pastaz baino beteago baitzirudien sakez). Janari korearra ematen zuten.

Hona herrialde bitxi honetako bitxikeria gehiago: Jatetxe askok, tabako-makinen antzeko gailuak dituzte sarrera ondoan. Hantxe erosi behar dituzu gero eskatuko dituzun janarien txartelak, eta hala, mahaian eseri eta zerbitzariari ematea besterik ez duzu. Eta kito, dena konponduta.