castellano | hasiera

Programa BOSek nazionalismo musikaletako zenbait maisu-lan interpretatuko ditu
gehiago ikusi +

2009ko uztailaren 7a

Oroitzapen onena agian

Goizago jaiki, eta aireporturantz abiatu gara berriro. Ohi legez, ondo doa dena, eta azkar eta estresik gabe pasatzen ditugu segurtasun hesiak. Eta Japoniako aireportu batean gauden guztietan bezala, harrituta geratu gara: beste edozein aireportukoak bezain eraginkorrak izanagatik, hemen segurtasun kontrolak askoz azkarrago pasatzen dituzu, eta ez dira inola ere Madril edota Parisko aireportuetakoak bezain gogorrak. Zer dela eta?.

Geure galderari erantzun ezinik, Fukuokarantz abiatu gara, eta han ere ahozabalik utzi gaitu nipondarren eraginkortasunak. Hegazkinetik irten eta maletak hartzera joan orduko, hantxe zeuden jada guztiak, zinta garraiatzailean. Sinestezina! Nola egiten dute? Auskalo! Baina ez dugu minutu bat ere itxaron behar izan.

Hotela, entzunaretotik bost minutura dago oinez. Hala bada, gauzak hotelean utzi eta gero, azkar bazkaltzeko toki baten bila joan gara –Japonia hanburgesategiz josita dago-, eta ondoren, auditoriuma ikustera joan gara. Ikusgarria!. Ondo-ondoan, ingeles diseinu tradizionaleko parkea dago: zuhaitzez inguraturik, eta erdigunean belar eremu zabala duela. Eraikina bera ere goitik behera dago landarez estalita. Eta mendi-hegala dirudi, parkearen nolabaiteko luzapena .

Barnealdea ere ez da gutxiagokoa. Zurez estalita, 1.800 eserleku ditu, eta benetan liluragarria da. Beti iruditzen zaigu azkena ikusitakoa dela entzunareto ikusgarriena; baina ez, hurrengoak are gehiago harritzen gaitu.

Entzunaretoa ikusi ostean, eta denbora apur bat geneukanez, hiriko alde zaharretik ibili gara. Hotelaren atze-atzean dago. Hau da hau zortea! Bertoko jaiak dira, Sevillako Aste Santuko prozesioak eta Valentziako Fallen arteko nahasketa moduko bat. Dozenaka eskultura multzo prestatzen dituzte, eta lepo gainean eramaten dituzte hirian barrena Aste Santuko pausoak balira bezala. Eta azkenean, erre egiten dituzte. Mendi itxura dute, eta gainean jartzen dizkiete japoniar imaginarioko pertsonaia tradizionalen eskulturak: antzinako erara jantzitako damak, samuraiak, deabruak, eta iratxo ongileak diruditenak. Harrigarria. Eta are eta harrigarriagoa irudi tradizional horiekin batera haurren heroi modernoen irudiak ere ikustea, Doraemon edota Dragoi Bolako pertsonaiak adibidez (irakurleak 14 urtetik beherako seme-alabarik ez badu, nekez jakingo duen arren zertaz ari garen).

Eta kontzertua... Hitz egin beharra dugu bai kontzertuei buruz. Aurrekoen modu bertsuan hau ere. Entzunaretoa bete-beteta. Entzuleen aldetik, txaloak ahitu arte; eta orkestraren eskutik, programaz kanpoko joaldi mordoxka.

Herrialde honetara egin genuen aurreko bisitaldiko argazkietan entzunaretoak bete-beteta ageri ziren. Baina oraingoan faltan izango dituzue halako argazkiak. Ezinezkoa izan zaigu. Erabat debekatuta egon da. Ezin izan dugu orkestraren emanaldiak iraun bitartean argazkirik atera. Eta horregatik ez daukagu argazkirik BOSa jotzen duen bitartean entzunaretoa ikuslez beteta erakusten duenik.