
BOSek nazionalismo musikaletako zenbait maisu-lan interpretatuko ditu
gehiago ikusi +
Japoniari buruzko kronika labur honen irakurle abenturazaleok dagoeneko ohartuko zineten kontakizuna misteriotsuki eten zela biraren bigarren egunean. Arrazoia ez zen kontatzeko ezer ez neukala. Guztiz alderantziz. Izan ere, nire ordenagailu eramangarria –dokumentazioaren arabera, Txinan muntatu baina Kalifornian diseinatu den Apple produktua-, batek daki zergatik, hondatu egin baitzen biraren laugarren egunean. Nire MacBookaz, eta haren fidagarritasunaz eta sistema eragileaz hitz ederrak baino ez dizkiot esan beti entzuteko prest zegoenari (eta prest ez zegoenari ere bai), eta hala ere, nire kuttunak bakar-bakarrik utzi nau bira baten erdian. Nori eta niri huts egin behar. Ez zuen piztu nahi, besterik gabe.
Orain baina, badakit zer gertatu zen, disko gogorra hautsi zitzaiola. Ondorioz, orain arte mundutik deskonektatuta egoteaz gain, betiko galdu ditut babes-kopia egin gabe bertan gordeta nituen datu guztiak. Eta ordura arte biran ateratako argazki guztiak ere bai, jakina. Horrela bada, eta besterik ezean, oroimenean arakatu eta bidaideei argazkiren bat edo beste eskatu beharko diet bidaia-koaderno honen aurreko pasarteak osatzeko
Hilaren bosteko kronikan esan nizuen bezala, Tokioko bizitegi-auzo batean dagoen entzunaretoa da Musashino Shimin Bunka Kaian. Japoniako hiriburua ikaragarri handia da, eta bertako auzoak ere halakoxeak, hiri-inguruko herrien bestekoak ia. Auditoriuma ez da, izan ere, biran ikusi ditugun (eta ikusiko ditugun) gainontzekoak bezain ikusgarria. Hala ere, halako bat nahiko lukete Euskal Herriko udalerri handi askok, bai horixe. Gaur astelehena dela eta, beranduago hasi da kontzertua, 19:00etan. Horregatik, gaueko 12:00ak paseak ziren hotelera iritsi garenerako. Susmatzen nuenez, Japonia, garraio publikoetako leihatiletatik ezagutu beharko dugu, ez baitugu beste ezertarako astirik.
Entzunaretoa (1.354 leku) bete-beteta zegoen, ikusle sutsuez gainezka. Prestaturik genituen bis guztiak jo ditugu halako grina ikusita, eta sekulako txalo-zaparrada entzun dugunean, piezaren bat gehiago inprobisatzekotan ere ibili gara.

Kontzertuaren ondoren, ordu eta erdiko bidaia autobusez –hala egiten baititugu "bidaia laburrak"-; eta behin hotelera iritsita, hurrengo eguneko bidaiarako prestatzera. Hegazkinez berriz ere, oraingoan Fukuoka hirira. Bertan, munduko arkitektura liburu guztiek eredutzat duten entzutegian jo dugu.