castellano | hasiera

Programa BOSek nazionalismo musikaletako zenbait maisu-lan interpretatuko ditu
gehiago ikusi +

Uztailak 5

Apur batean gelditzeko astirik ere ez

Bi kontzertu atzean dagoeneko, eta bost gehiago aurretik. Horra hor eguzki sortu berriaren lurraldean daramatzagun lehen bi egunen emaitza. Egia esatera, oso egun pozgarriak izan dira, pozgarriak bezain nekagarriak. Hamazazpi ordu luzeko bidaiaren ondoren eta apenas indarrak berreskuratzeko astirik gabe, BOSek kontzertua eskaini du Osakan. Eta bertan lo egin ostean, bi ordutik gorako bidaia egin dugu abiadura handiko Thunderbird trenean lehenengo, eta ordu erdikoa autobusez gero, Fukuiko entzunaretora iristeko. Zinez eraikin zoragarria da, arroz soro batzuen erdi-erdian jarria, eta Japoniako arkitektura tradizionalaren ukituez betea.

Behin auditoriumera sartuta, bertako janaria eman digute, kutxatxo batzuetan ondo antolatuta, Japoniako gauza guztiak bezalatsu. Gero, proba akustikoa egin dugu, eta jarraian, kontzertua. Sinesgaitza egingo zaizue, baina ARRATSALDEKO HIRURETAN hastekoa zen. Halako orduetan hasi ohi dira asteburuetako jarduera kulturalak Japonian.

Un ejemplo del estilo que impera en Tokio para las jovenes

Handik bi ordu eta laurdenera, musika-tresnak arrapaladan bildu ditugu kamioietan sartzeko, eta autobusetara sartu gara berriz, entzunaretotik ordubete baino gehixeagora dagoen aireportura joateko. Han, betiko itxaronaldia. Segurtasun neurriak pasatu (beste behin ere, japoniarren eraginkortasunak eta adeitasunak atentzioa eman digute: den-dena estresik gabe eta guk behar dugun denboraren erdian egiten dute eta!), eta airean gora berriro, ordubeteko hegaldiaren ondoren Tokion lurreratzeko. Hogeita hamar minutu gehiago autobusez, eta azkenean, duela bi urte egon ginen hotel berera iritsi gara 21:40an.  Hori guztiori, egun berean. Ikusten duzuenez, gelditu ere ez gara egiten!

Gaur, hilak 6, astelehena, Musashino Shimun Bunka Kaikan auditoriumean gaude, hoteletik… 90 minutura! Eta, akordatzen ez bazarete, Tokion bertan dago hori ere.
Dena merezi du baina, ikusleek orain arte bezala txalotzen gaituztenean. Izan ere, orkestrako musikari guztiak pozarren irteten baitira kontzertuetatik, aurpegian irribarre zabal-zabala dutela. Eta musikariez ari garela, eta eurek hala eskatuta, goraintziak Japoniatik guztion familiei! Bapo jaten dugu, ez dugu gehiegi gastatzen (senideentzako oparietan ez bada), eta goiz oheratzen gara.

Bihar, gora eta behera ibiliko gara berriz ere, baina lehenago esan dudan bezala, kontzertuak zelan amaitzen diren ikusita, merezi du ahalegina, bai horixe!