
BOSek nazionalismo musikaletako zenbait maisu-lan interpretatuko ditu
gehiago ikusi +
Hamaika orduko bidaia aurretik eta Charles de Gaulle aireportuan beste ordubeteko itxaronaldia, Osakara eramango gintuen Boeingak “arazo tekniko” bat omen zuela eta. Eta gainera, bidaiariok lasaitzearren esan zizkigutenak, egia esateko, asko pentsatu gabe bota zizkiguten. Izan ere, Frantziako Airbusaren istripu zorigaitzekoa ur-ihes batek eraginda izan zitekeela irakurri eta gero, AF 252 hegaldiko aireontziko tangetan arazoren bat omen zegoela entzutea ez zen baitere lasaigarria, 10.000 km egin behar genituen-eta txoritzar haren barruan.
Ordubeteko itxaronaldiaren ostean, dena prest. Teknikari batzuk aurrera eta atzera, eta kito, hegazkina aireratu zen azkenean. Hegaldia? Ba, ona ez, oso-oso ona! Japoniar janari ganorazkoa, eta mokaduen artean, amerikar izozkiak eta japoniar zopa. Sarri kexatu izan naiz Air Francez, baina aitortu behar dut ez hegazkineko laguntzaileek ez bidaiariak atenditzeko modua ez nautela sekula ere dezepzionatu. Parisko lurreko langileez, ordea, ezin gauza bera esan.
Osakara iritsita, duela bi urte Tokiora joan ginenekoa etorri zitzaidan gogora Orduko hartan, bertako “Musika-Musican” parte hartzera joanak ginen, eta ondorio bera atera nuen: ordena eta antolaketaren herrialdea dela Japonia. Den-dena erraz eta ia itxaron beharrik gabe egiten dute. Aurpegi xaloak, baina jokabide zorrotzak eta ebakuntza-geletako garbitasuna. Horixe da Japoniara iristen den edozeinek ikusten duena, sartzen den aireportutik sartzen dela.

Hona adibide bat. Kontinentearteko hegaldia bete-beteta iritsi zen. Hala ere, hamabost bat minuturen buruan immigrazio eta aduana tramiteak eginak genituen gehienok, eta maletak hartzera joan orduko, hantxe ziren denak zinta garratzailean.
Azkenean, hotelera iritsi gara. Osakaren erdigunean dago, leku ezin hobean. Batetik, tren-geltokiaren ondoan dagoelako –eta bertatik abiatuko gara igandean, uztailaren 5ean, Fukuira, birako bigarren kontzertua eskaintzeko-; eta bestetik, eta batez ere, kontzertua emango dugun entzunaretotik bost minutura dagoelako oinez. Baina hori bihar izango da. Gaur, bira-hasierako gestioren bat edo beste egin, zerbait jan, pare bat orduko siestatxoa egin eta kanpoan afaltzeko aprobetxatuko dugu, hemendik aurrera ez baitugu astialdi gehiegirik izango.
Osakako auditoriumerantz goazela ohartu gara japoniar hiri handiak oso antzekoak direla. Osakatik paseatzea –atzerritar baten ikuspegitik behintzat- Tokiotik ibiltzea bezalakoa da. Etxebizitza tradizionalak eta abangoardiako eraikin izugarri altuak batzuk besteen ondoan nahastuta ikusteak harritu egiten nau. Eta era berean, deigarria egiten zait bidean topatzen dituzun denden maila ikaragarria: Masseratti, Armani, Ferrari, Tiffanis… “urrezko milia” bat, milia bat baino luzeagoa dena eta urrea baino diamante gehiago dituena.