castellano | hasiera
Bidai-koadernoa
BOSek 40.000 ikusleren aurrean joko du Tokion
Jaialdia
La Folle Journee musika klasikoko jaialdia da, eta Frantzian sortu zen 1995ean gehiago ikusi +
Auditorioa Tokyo International Forum Tokioko gobernu metropolitarraren aginduz eraiki zuten gehiago ikusi +
Programa BOSek nazionalismo musikaletako zenbait maisu-lan interpretatuko ditu gehiago ikusi +
maiatzak 4

Tokio beste mundu bat da

ORDENA ETA AURRERAPENA.
EZ DUT GOGOAN NOLA IDAZTEN DEN JAPONIERAZ

Brasilgo banderaren leloa Japoniako banderan agertu beharko litzateke. Beharbada, hegoamerikar erraldoiaren banderan azaldu beharko litzateke bertako kolonia japoniarraren eraginez, euren herrialdetik kanpo bizi diren japoniar eta euren ondorengo gehienak Brasilen bizi direlako. Hala ere, lelo hori ekialde urruneko herrialde honi dagokio, inolako zalantzarik gabe.

Antolamenduari dagokionez, hiri eta herrialde honek ez du parekorik munduan ezagutu ditudan lekuetan (Brasilen ere ez). Agian, Singapurko estatu-hiriak dauka antzekotasun handiena Tokion bizi dugunarekin, baina Singapurren Japoniako hiriburuan baino askoz handiagoa da kontrol-sentsazioa.

Jendea atsegina bezain adeitsua da, eta ahalegin handia egiten du esaten diozuna ulertzeko, aurpegi txarrik jarri gabe edo inolako etsipenik adierazi gabe. Horren ondorioz, zentzurik gabeko egoerak sortzen dira, dendari batek ingelesez esaten dizulako zuk eskatutakoa “ez” duela eta, bien bitartean, burua etengabe mugitzen duelako gora eta behera, guztiontzat ezaguna den “baietzaren” keinua egiteko. Hori dela eta, Groucho Marxen gustuko egoerak sortzen dira lantzean behin.

Tokioko gazteen artean nagusi den estiloaren adibidea.

Tokioko gazteen artean nagusi den estiloaren adibidea.

Bestetik, Tokion harrigarria da benetan nola janzten diren neska gazte japoniarrak, herrialde honetan sortutako TBko marrazki bizidunetako edo komikietako protagonistak bezala janzten direlako. Ez da artisten fantasia, gazte japoniarren janzkeraren adierazgarri baizik. Gure kaleetan pentsaezina izan arren, Euskadiko neskek soinean daramatzaten bakeroak bezain ohikoa da hemen. Egia esan, kaleko arropak barik, mozorroak dira guretzat. Dena dela, guztiok dakigunez, moda moda da.

AURKITUTAKO ZORROA
Atzo, galdutako zorroa aurkitu genuen gaineko pasabide batean, hotelaren eta auditorioaren artean dagoen ibilbidean. Handik metro gutxira Tokioko “polizia-estazio txiki” ugari horietako bat zegoenez, zorroa hartu eta poliziari ematea erabaki genuen. Halaxe egin genuen, bai. Haiek, abegitsu, aulki tolesgarria ireki eta esertzeko eskatu ziguten keinuaren bidez. Aldi berean, japonieraz zegoen agiri amaiezina agertu zen mahaian. Esan gabe doa agiri hori bete egin behar zela, aurkitutako eta postura eramandako zorroari erantsi beharreko espedientea irekitzeko. Eskuturreko erlojuetarantz, La Folle Journee jaialdiko parte-hartzaileen egiaztagirietarantz eta aldirietako tren-geltoki hurbilerantz egindako keinu adierazgarrien bitartez, presa geneukala adierazi genien, kontzertua eskaini behar genuen-eta.

Zalantzan egon ondoren eta gure pasaporteak ikusi ondoren, agenteek keinua egin ziguten, telefonoa hartu zuten, solaskidearekin tarte batez hitz egin zuten eta telefonoa eman ziguten. Bertan zeuden poliziekin ulertzea zaila bazen telefonoaren bidez ezinezkoa izango zelako ustean, telefonoa hartu genuen, agurtu egin genuen eta oso gaztelania onargarrian! hitz egin zigun funtzionarioa agertu zen linearen beste aldean. Hasierako harriduraren ostean, presaka genbiltzala esan genion eta oinarrizko datuak emateko eskatu zigun: izena eta hotela, batez ere. Aldi berean, zorroa aurkitzean saria jaso behar genuela esan zigun eta, sei hilabetean inork eskatzen ez bazuen, edukia gurea izango zela. Gure asmoa galdutako zorroa ematea eta kontzertura joatea baino ez zela eta saririk nahi ez genuela behin eta berriro azaldu arren, behin eta berriro esan zigun halaxe zela eta halaxe egin behar zela. Beraz, datu guztiak korrika eman eta arrapaladan irten ginen kontzerturantz.

Sei hilabetean zorroaren jabea agertzen ez bada zer egokituko zaigun jakin gura dutenei barruan dozena bat bisita-txartel baino ez zeudela esan behar diegu.