castellano | hasiera
Bidai-koadernoa
BOSek 40.000 ikusleren aurrean joko du Tokion
Jaialdia
La Folle Journee musika klasikoko jaialdia da, eta Frantzian sortu zen 1995ean gehiago ikusi +
Auditorioa Tokyo International Forum Tokioko gobernu metropolitarraren aginduz eraiki zuten gehiago ikusi +
Programa BOSek nazionalismo musikaletako zenbait maisu-lan interpretatuko ditu gehiago ikusi +
Apirilak 30 edo maiatzak 1, Bilbon edo Tokion gauden kontuan hartuta

Hegazkinean

12 ordu daramatzagu bidaian. Siberiako estepako lekuren baten gainean gaude, eta oraindik lau orduko hegaldia dugu aurretik. Madrileko mobidaren garaiko abesti batek “Japonia, zer urrun dagoen Japonia” zioen, eta arrazoi zuen. Egia esan, hirugarren txanda honetan goazen orkestrakide guztiok patxada eta lasaitasun handiz hartu dugu bidaia.

Argazkia: Charles De Gaulle aireportua

Charles De Gaulle aireportuko nazioarteko terminala. 5 minutu egon ginen bertan.

Air Franceko Boeing 777 hegazkinean goaz, eta bakoitzak ahal duen moduan edo uzten dioten moduan pasatzen du denbora. Batzuk lotan daude. Beste batzuek filmak ikusten dituzte banan-banako pantailetan, eta, egia esan, nahikoa onak dira. Beste batzuk irakurtzen edo hitz egiten ari dira. Azken batean, hegazkineko bizimodura egokitu gara.

Egokitzeaz eta moldatzeaz ari garela, nire ustez, aire-konpainiek ez dute bidaiaririk eduki nahi, enbarazu egiten diegu. Hori dela eta, ahal duten guztia egiten dute hegaldiak tortura bihurtzeko. Nolatan uste dute 1,70etik gorako pertsona batek 12 orduz bidaiatu dezakeela leku ezin txikiagoan, lunbalgiak eta haserre biziak bete-betean jota amaitu gabe.

Nire erosotasuna bikoitza izan da, lekua txiki-txikia izan delako eta aurreko eserlekuko emakume japoniarrak, zoritxarrez, 12 orduko hegaldian zehar eserlekua etzanda eramatea erabaki duelako. Irribarre errazeko komikoek diotenez, “ez ditut hankak sentitzen”.

Dena dela, Japoniara bidaiatzeko esperientziaz hitz egin dezagun. BOSeko hirugarren taldea gara, besti biak lehenago irten direlako. Bata apirilaren 29an, igandea, joan zen (hauxe idazten ari naizenean, Bilboko 8:45ean, Japonian daude), eta bestea gu baino pare bat ordu lehenago irten da.

Bilbo-Paris hegaldia ezin hobea izan da. Lotunea azkar-azkarra zenez, frantses atsegin batzuk gure zain egon dira eskaileren beheko aldean aireportuko autobus horietako batekin. Eraginkortasun handiz, Naritarako (Tokioko aireporturako) hegaldia irteten zen terminalera eraman gaitu. Ea gure maletak ere hain azkar eraman dituzten eta Japoniako hiriburura gurekin batera iristen diren.

Milagarren kontrola igaro ondoren, “lataratuta” gauzkan hegazkinean sartu gara lurreratu eta 30 minutura. Kontrolez ari garela, ez dakigu zergatik dagoen bidaia-txartelen kontrola Charles De Gaulle aireportuko tunelaren hasieran eta amaieran, korridore horretan lehen eta bigarren kontrolaren artean ate bakar bat ere egon ez arren. Irailaren 11ren osteko aireportuetako misterioak.

Ibon Aranbarrik, gure zuzendari nagusiak, erabilera anitzeko pantailatxoek eskaintzen diguten egitarau osoa arakatu du, eta nirea bezalako ondorioa atera du, hau da, marrazki bizidunen katean bide-korrikalariari eta koioteari buruz ematen dituzten abenturak baino ez dira dibertigarriak.

Horrelaxe ematen dugu denbora. Noizean behin, bekaizkeriaz begiratzen dugu hegazkinaren aurreko aldera, gortinen atzean Bussinesen bidaiatzea zeinen atsegina izan behar den asmatu nahian.

Gainera, gure lehen bazkari japoniarra jan ahal izan dugu: arrozaren antzeko zerbait izokinarekin. Gozo zegoen, benetan. Askok oilaskoa jan duten arren, gure urdaila Japoniako janarira ohitu behar dela uste dut. Hori dela eta, izokina aukeratu dut, eta damutuko ez naizelakoan nago.